Legebiltzarreko taldeen %90ak hezkuntza akordioaren testua onartu zuenetik egun gutxira, Hezkuntza Sailak bertan jasotakoari muzin egiten dion hitzarmena sinatu berri du Google multinazionalarekin.
Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak Google Cloud Emea Limited enpresarekin hitzarmena sinatu du, “Hezkuntza Saileko ikastetxeetan Google Workspace for Education zerbitzuak erabiltzeko”, joan den astean Euskal Herriko Aldizkari Ofizialak argitaratu zuenez. Ebazpenak apirilaren 11ko data du, hezkuntza lege berrirako oinarriak jasotzen dituen testua onartu zenetik lau egun igarota, beraz.
Hitzarmenak lau urterako zehazten du “Googlerekin lankidetza”, Hezkuntza Sailaren mendeko diren ikastetxe guztietan Google Workspace for Education zerbitzuaren “berri eman eta horiek hartzea sustatzeko”. Sustatze hau, alabaina, hezkuntza lege berrirako akordioan jasotako “digitalizazio etiko, arduratsu eta euskaldun”aren erabat kontrakoa da, kronologia esanguratsuan etortzeaz gain: pentsatzekoa da hitzarmena prest egongo zela hezkuntza akordioa adostu eta onartu zen bitartean.
Hilabeteak iraun dituen ponentzia batetik eratorritako hausnarketa sakon baten ondoren, Legebiltzarrak gutxitan ikusten den gehiengo zabal batez onartutako akordioak jasotzen du “ikasleen eskubide digitalak eta pribatutasuna” errespetatuz eta “bitarteko teknologiko auditagarri, berrerabilgarri, libre eta gardenak erabiliz” eramango dela aurrera euskal hezkuntza sistemaren digitalizazioa. Jokin Bildarratz Hezkuntza sailburuak «testuarekiko leialak izango gar[ela]» adierazi bazuen ere, hitzarmen honekin, horiek guztiak bazterrean utzi dira.
Ikasleen datuak Google pribatutasunaren urratzaile berrerorlearen esku
Googlek datuen tratamenduari buruz eransten duen gehigarrian Europako Datuak Babesteko Erreglamendu Orokorra errespetatuko duela zehazten badu ere, AEBetako multinazional erraldoia araudi hori urratzeagatik isunik altuenak jaso dituztenen artean dago, eta bat baino gehiago jaso ditu gainera, erabiltzaileei euren datuekin zer egiten duen behar bezala ez jakinarazteagatik eta beraz baimen egokirik gabe haien datuak jaso eta tratatzeagatik, hainbat plataformaren bitartez (bereziki, Youtube eta Google Analytics). Ez da ahaztu behar, hitzarmenean bertan, datuen tratamenduari buruzko gehigarri hori “errreferentzia gisa” eransten zaiola hitzarmenari, eta Googlek nahi duenenan egin ditzakeela aldaketak bertan, adibidez, “merkataritzaren ikuspegitik arrazoizkoak badira”.
Hitzarmen honetan alde bakoitzak hartutako konpromisoak inongo kontraprestazio ekonomikorik edo diru-trukerik gabe gauzatuko direla jasotzen da. “Argitze aldera, hitzarmen hau doakoa” dela zehazten bada ere, berez ikasle eta irakasle guztien datuak ematen zaizkio Google multinazional pribatuari lau urtez, bere zerbitzuen truke. Doakotasun honek, bide batez, ohiko lehiaketa publikoko prozedurak saihestea posible egiten du. Kostu ekonomikorik ez badago ere, hitzarmen honetan hartutako konpromisoa garesti aterako zaio euskal hezkuntza komunitateari.
Pribatutasunaren urraketa hauexek izan ziren, hain zuzen, 2019an Alemaniako gobernua Googleren lainoak hezkuntzan erabiltzea debekatzera eraman zuena. Gurean, aldiz, besoak zabalduta jaso eta besterik gabe sinatu da hezkuntza eremuan Google “erabili eta sustatzeko” konpromisoa. “Ebidentziak bildu beharrean enpresak emandako hitzaz fidatzen da administrazioa”, Hezkuntzan Librezaleko Jokin Lacalle kideak azpimarratu zuenez.
Auditagarritasuna, berrerabilgarritasuna, gardentasuna
Hitzarmenak jasotzen du ezin zaiela erabiltzaileei baimenik eman “(a) Zerbitzuetatik eratorritako obrak kopiatu, aldatu edo sortzeko; (b) atzeranzko ingeniaritzako teknikak aplikatzeko, Zerbitzuen iturburu- kodeak deskonpilatu, itzuli, desmuntatu edo beste modu batera kode horiek zati batean edo osorik ateratzen saiatzeko”: auditagarritasuna eta berrerabilgarritasuna, beraz, hitzarmenak berak ukatu eta debekatzen du.
Era honetako murrizketak bezeroari, Hezkuntza Sailari kasu honetan, aplikatzen zaizkio; ez dago hornitzaileari egotzitako murrizketarik, Googlek berak bere buruarentzat zehaztutako eranskinetan jasotzen ez denik.
Googlek eskaintzen duen zerbitzuaz gain, hitzarmenak “produktu gehigarriak” eskura jartzen dituela ere aipatzen du. Horien kasuan, zerbitzu orokorrari dagozkion baldintzak “ez zaizkio aplikatzen Bezeroak erabiltzen duen Produktu gehigarri baten hornikuntzarekin lotutako datu pertsonalen tratamenduari”; hau da, ohiko zerbitzutik kanpo diren produkturen bat gaitzen badu bezeroak, “Zerbitzuek ahalbidetu egingo dute haiek Bezeroaren Datu pertsonalak eskuratzea”. Zerbitzu orokorraren barnekoak edo produktu gehigarriak zeintzuk diren, ordea, ez da inon jasotzen dokumentuan, gardentasuna eragozteko ariketa argi batean.
Hitzarmen honek lau urterako konpromisoa lotzen du Googlerekin, Hezkuntza Lege berrirako lanketaren atarian. Europar Batasuneko hainbat herrialde eta agintaritza Googleren gehiegikeriak salatu eta hauek mugatzeko legegintzan ari diren bitartean, hitzarmen hau jarrera inozente baten adierazle gisa baino ez daiteke hartu.
Googlerekin sinatutako lankidetza hitzarmen hau bertan behera uzteko atea erabat itxita ez dago, hala ere, eta espero izatekoa da legearen erredakzio eta adostasun prozesuan akordioa sinatu duten alderdiek horretarako eskakizun sendoak bideratu eta ibilbidea zuzentzea. Ezin da ukatu, dena den, Hezkuntza administrazioaren lehen ekintza honek, akordioan sinatutako hitz politen ondoren, ezbaian jartzen duela gehiengo zabalak babestutako akordioari ematen dion zilegitasuna.