Argazkia: Eusko Legebiltzarra

Hezkuntza lege proposamenari 25 aldaketa proposatu dizkiogu Hezkuntzan Librezaletik

Albisteak

Hilaren 12an Hezkuntzan Librezale taldeko bi kide legebiltzarreko hezkuntza batzordean egon ginen lege proposamenaren gainean ekarpena egiten.

Ibilbide baten ondorio

Lege honen, eta aurretik legearen gaineko akordioan ere, Hezkuntzan Librezalek bere ekarpenak egin izan ditu hainbat agerralditan.

  • Legearen bilakaeraren hastapenetan 2021eko abendua – 2022ko urtarrilean hemen izan ginen, hezkuntzaren digitalizazioarentzat ikuskatzen ditugun oinarriak azaltzeko
  • 2022ko apirilaren 7an onartu zuen Eusko Legebiltzarrak, %90eko aldeko iritziekin, Etorkizuneko euskal hezkuntza-sistemari buruzko hitzarmenaren oinarriak zehazteko ponentziaren txostena, gure ikuspegitik ordura arteko digitalizazioaren ikuskera aldatzen zuena, printzipio eta balio batzuk zehaztuz
  • Legearen bilakaerarekin lotura zuzenik gabe, baina aldi berean, 2022ko apirilaren 11an Hezkuntza Sailak Google-rekin hitzarmena sinatu zuen, momentuan jakitera eman genuenez eta gure ikuspegitik, 4 egun lehenago legebiltzarrak onartutako akordioari muzin eginez
  • Testuinguru horretan 2022ko maiatzaren 16an hemen izan ginen berriro batzordean, DDri buruz, ikaskuntzaren kudeaketarako software libreko plataformari buruz, iritzia emateko
  • 2022ko irailean lege-proiektuaren lehen zirriborroa aurkeztu zen, eta ohiko prozedura jarraituz alegazioa aurkeztu genuen, iruditu zitzaigulako zirriborroa ez zela leiala hezkuntza akordioarekin, digitalizazioari zegokionez
  • 2023ko apirilaren 23an Gobernu Kontseiluak hezkuntza-lege proiektua onartu zuen, digitalizazioari dagokionez zirriborro fasean egin genituen ekarpenak jaso gabe
  • 2023ko ekainaren 12an, zuzenketa proposamen hauek aurkezteko agerraldia

Lege proiektua ez da akordioarekiko leiala

Oro har ideia nagusi bat azaldu genuen parlamentuan: lege proposamena ez da hezkuntza akordioarekiko leiala digitalizazioari dagokionean eta ez dator bat Hezkuntzan Librezaletik proposatzen dugun digitalizazio ereduarekin inondik inora.

Oro har ideia nagusi bat azaldu genuen parlamentuan: lege proposamena ez da hezkuntza akordioarekiko leiala digitalizazioari dagokionean eta ez dator bat Hezkuntzan Librezaletik proposatzen dugun digitalizazio ereduarekin inondik inora.

Funtsean hiru puntu azpimarratu nahi izan genituen gure agerraldian (zuzenketa guztiak beheko dokumentuan):

1. Digitalizazioa helburu ala digitalizazioa pedagogiaren mesedetan?

Nahiz eta akordioak honakoa esaten duen:

Teknologia egokiak eta beharrezko diren jarraibide metodologikoak premiazkoak dira, oinarri pedagogikoak kontuan hartu eta ikaskuntza-prozesuak modu berrien bidez bultzatzeko, digitalizazioak eskaintzen dituen aukerak baliatuz.

Lege proiektuan zehar ideia oso bestelakoa da eta iraultza teknologiko disruptibo batera moldatu beharreko ideia behin eta berriro errepikatzen da lege proiektuan: “errealitate berrietarako egokitzapena”, “IKT berriak sustatzea”, “irakaskuntza-metodologiak, irakasleen prestakuntza eta antolamendua egokitu daitezen  digitalizazio prozesuetara eta iraultza teknologikoko prozesuetara”, “IKTak erabili beharra dago, ezinbestean erabili ere”, “hezkuntza-sistema eta irakaskuntza metodologiak digitalizaziora, garapen jasangarrira eta klima aldaketara egokitzea” .

Proposatzen dugu, besteren artean:

4.- Harrimenaren pizgarriarekin batera, eta hezkuntza-sistemako etapa bakoitzean ikasleek egiten dituzten galderei erantzuteko, tresna eta baliabide digitalen erabilerak izaera osagarria izango du, tresna horiekiko menpekotasunik sortu gabe eta garapen kognitiboa zaindu eta bermatuz, beti ere adin-tarte eta nortasunaren garapen-maila bakoitzaren eskakizunak jasotzen dituen marko pedagogikoan kokatuta.

“6. artikulua.- Jakin” atalean (23. orr.)

2. Ahalduntze digitala

Kasu honetan akordioak ere ahalduntze hitza darabil honako paragrafoan:

Digitalizazioak hezkuntzari aukera askotarikoak eskaintzen dizkio, betiere ikaslearen ahalduntzearekin zuzenean lotuak

Baldin eta helburua hiritar kritiko eta gizartean aktiboki parte-hartuko  dutenak ikasleak digitalki  ahalduntzea ezinbestekoa da. Lege proiektuan ez zaio ahalduntzeari behin ere erreferentzia egiten:  “Ezagutza”, “teknologiarekiko estimua”, “trantsizio digitalerako eta horren ondorioetarako prestakuntza “, “Teknologia aurreratuen eta disruptiboen ezagutza eta trebetasunak” aipatzen dira, baina guzti hauek ezin dira ahalduntzearen mailan jarri.

Proposatzen dugu, besteren artean:

f) Ikasleak digitalki ahalduntzea bizi behar duten gizarte teknologikoki aurreratuan boteretuak egon daitezen, batetik, digitalizazioari lotutako erabakiak hartzeko gai izan daitezen, erabiltzen dituzten tresnen gaineko kontrol eta ahalmena izanez eta tresnekiko menpekotasun oro saihestuz eta, bestetik, parte-hartze sozial aktibo eta burujaberako gaituak izan daitezen, baliabide teknologiko horiek modu etiko eta arduratsuan erabiliz eta haien pribatutasuna eta datu pertsonalen babesa bermatuz.

“3. artikulua.- Euskal Hezkuntza Sistemaren helburuak” atalean (21. orr.)

3. Nolako teknologiarekin digitalizatu?

Akordioak oso argi definitzen zuen zein teknologiarekin digitalizatu behar genuen:

Euskal Hezkuntza Sistemak digitalizazio etiko, arduratsu, euskaldun eta eraginkorra bermatuko du.
Hau guztiau, ikasleen eskubide digitalak eta pribatutasuna errespetatuz eta bitarteko teknologiko auditagarri, berrerabilgarri, libre eta gardenak erabiliz egingo da.

Lege proiektuan aldiz ideia askoz lausoagaoak aipatzen dira, hala-nola: “baliabide teknologiko horien erabilera arduratsu eta egokian”, “arreta berezia jarriz ikastetxean baliabide teknologikoak ezartzean”,  “intimitatearen eta datu pertsonalen babesa bermatu”

Akordioak jasotzen zituen bitarteko teknologiko auditagarri, berrerabilgarri, libre eta gardenak”ez dira inon jasotzen, ezta “digitalizazio etiko, arduratsu, euskaldun eta eraginkorra” ere . Bestalde, intimitateaz hitz egiten da eta ez pribatutasun termino zabalagoaz.

Proposatzen dugu, besteren artean:

k) Digitalizazio etiko eta arduratsua. Pertsonen aukera berdintasuna,
pribatutasunerako eskubidea eta ahalduntze digitala bermatuz, zeina, ezinbestean, bitarteko teknologiko auditagarri, berrerabilgarri, libre eta gardenak erabiliz soilik lor daitekeen, eta tresna digitalen integrazio pedagogikorako marko batean oinarrituta egin behar den
.

“2. artikulua.- Euskal Hezkuntza Sistemaren printzipioak” atalean (18.
orr.)

Printzipioak, balioak eta norabide pedagogikoaren garrantzia

Agerraldi honetan nabarmendu nahi izan dugu lege honek hezkuntzarako digitalizazioarentzat printzipio eta balioetan oinarritutako norabide bat zehazteko beharra. Egun ditugun eta etorriko zaizkigun teknologia berriak (ChatGPT une honetan, adibidez) nola iragazi eta modulatu zehaztu behar du legeak,  oinarri sendo eta argi batzuk definituz, ziurtatzeko hezkuntza-sistemarentzat nahi ditugun printzipioak, balioak eta norabide pedagogikoa erdigunean eta azken xede gisa mantentzen ditugula epe ertain eta luzean..

Hemen duzue agerraldiaren bideoa ikusgai eta zuzenketa guztiak biltzen dituen dokumentua:

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude