‘Euskal hezkuntzaren eraldaketarako oinarriak’ txostenaren iruzkina

Albisteak Hezkuntzan librezale

EAEko Hezkuntza Legerako akordioaren oinarriak adosteko Eusko Legebiltzarreko hezkuntza batzordearen gonbidapenari erantzunez, joan den abenduaren 10ean gure kide Iñigo Gebara bertan izan zen Hezkuntzan Librezaleren ikuspegia azalduz. Agerraldien fasea itxi eta batzordetik Euskal hezkuntzaren eraldaketarako oinarriak txostena zabaldu den honetan, haren gaineko iruzkina aurkeztu nahi dugu, zehazki digitalizazioari eta teknologiari dagozkion atalen inguruan.

Lehenik eta behin, poztu gaitu ikusteak “digitalizazio plan berriak” eta “epe luzerako begirada” aipatzen direla testuan. Orain arte bakoitza bere aldetik hartu izan dira digitalizazioaren eremuko erabakiak, koordinaziorik eta ageriko epe luzerako planik gabe. “Plan berriak” aipamenarekin ulertzen dugu orain artekoarekin jarraitu baino, norabide jakin batekin egingo direla digitalizazioari dagozkion hautu, hitzarmen eta bestelako jardunak. 

Estrategia edo plan horren parte aitortzen da txostenean “ingurune birtual integralak sortzea”, hau da, geure behar eta helburuetara egokituko diren plataformak eraiki eta iraunaraztea. Aipamen horretan guk Hezkuntzan Librezaletik aldarrikatzen dugun burujabetza adierazpena antzeman dugu, beste interes batzuk ere izan ditzaketen irabazi-asmodun hornitzaile erraldoienganako menpekotasunak saihesteko asmo bat.

Positiboki baloratzen dugu baita ere digitalizaziok behar dituen nolakotasunak zehaztea, “etiko, arduratsu, eraginkor eta euskalduna”, hain zuzen. Digitalizazioari bere horretan balioa aitortu beharrean, digitalizazio mota zehatz bat balioesten dela ulertzen dugu, eta bilatzen den digitalizazio horrek izan behar dituen ezaugarriekin bat gatoz. 

Aldi berean, beharrezkoa ikusten dugu zenbait alderditan zehaztapen batzuk egin eta idatziz jasotzea. Jarraian zerrendatuko ditugu.

  • 12. orrialdean jasotzen diren “hezkuntza-eragileek dituzten ezaugarri[en]” artean jasotzen da digitalizazioa. Ez dugu ulertu bertan ageri diren azpi-elementuen atzeko arrazoiketa. Zehazki, plataformak tresna gisa ulertzen ditugun neurrian, “gailuak/tresnak” aipamenak jasotzen dituela iruditzen zaigu, aipamen bereizi beharrik gabe. Puntu berean,  “(v) ikaskuntza, ahalduntze eta partaidetzarako teknologiak” aipamenak irakasleen gaitzea falta duela somatzen dugu.
  • 20. orrialdeko “Eraldaketa eta inklusiorako digitalizazioa atalari dagokionez, azken paragrafoak (“Euskal Hezkuntza Sistemak datuen burujabetza…”) lehena behar luke, Euskal Hezkuntza Sistemarentzat nahi den digitalizazioaren markoa zehaztu eta modu orokorrean ezaugarritzen duelako.
  • Beharrezko ikusten dugu zehaztea nola erdietsiko den “datuen burujabetza teknologiko” hori. Esaldi horretan bertan aipatzen den “digitalizazio etiko, arduratsu, eraginkor eta euskalduna bermatzeko” izango bada, uste dugu burujabetza hori definitu beharra dagoela ikasleen eskubideak bermatuz eta bitarteko teknologiko auditagarri eta gardenak erabiliz.
  • Oso kezkagarri jotzen dugu “teknologia digitalen erabilera areago[tzea]” ren aipamena, lehen esandakoarekin kontraesanean, teknologia digitalen berariazko onura bat ematen baitu aditzera. Beharrezko jotzen dugu lotura hau ekiditea, ez baitugu digitalizazio gehiago behar hezkuntzan: digitalizazio hobea behar dugu.
  • Ikasleen ahalduntzea gaitasun eta trebeziak lortzetik haratago dagoela zehatz jasotzea komeni dela uste dugu, digitalizazioa instrumentalaz gaindi ulertu beharra dagoela defendatzen dugu eta. Horrela, ahalduntzearen aipamenari gehituko genioke lehen ere aipatu dugun hornitzaileekiko menpekotasunak saihesteko beharra, ikasleen boteretzea (trebatzetik haratago) eta ahalduntze horren azken helburua: hiritar digital burujabeen heziketa, hain zuzen.
  • Teknologia “egokiak” zer diren, bere horretan, interpretazioari eta irakurketa anitzei oso zabaldua geratzen den formulazioa iruditzen zaigu. Aurreko baieztapenetan oinarrituta, uste dugu “digitalizazio etiko, arduratsu, eraginkor eta euskaldun” hori ahalbidetuko dutenak direla, hain zuzen, teknologia “egokiak”, eta beharrezko jotzen dugu idatziz zehaztapen hori jasotzea. 

Hauek guztiak kontuan izanda, txostenean agertzen diren digitalizazioaren aipamenak horrela geratuko lirateke (beltzez aldatutakoak):

Digitalizazioa ⇒ (i) konektibitatea; (ii) gailuak/tresnak; (iii) eten digitalak; (iv) ikasle eta irakasleen ahalduntze eta partaidetzarako teknologiak.

12. orrialdea

Eraldaketa  eta inklusiorako digitalizazioa

Euskal Hezkuntza Sistemak burujabetza teknologikoaren alde egiten du, ikasleen eskubide digitalak eta pribatutasuna errespetatuz eta bitarteko teknologiko auditagarri, berrerabilgarri, libre eta gardenak erabiliz, digitalizazio etiko, arduratsu, eraginkor eta euskalduna bermatzeko aukera gisa. Eta hori epe luzerako begiradarekin diseinatu behar da gure hezkuntza sistema bere burua eraldatzen joan dadin, baita digitalizazioan ere.

Digitalizazioak hezkuntzari aukera askotarikoak eskaintzen dizkio, beti ere, ikaslearen ahalduntzearekin zuzenean lotuak. Ahalduntze horrek, gaitasun digitalak garatzeaz haratago, menpekotasunak sortzea saihestu eta ikasleak ingurune digitalean boteretzea eskatzen du, herritar digital burujabeak izan daitezen.

Digitalizazio-estrategia berri baten bidez, Euskal Hezkuntza Sistemak erantzuna eman nahi die egungo testuinguru berrian planteatutako erronkei, bai teknologia digitalak baliatuz irakaskuntza-ikaskuntza prozesuetan eta baita eraldaketa digitalerako oinarrizko trebetasunen garapena eratuz. Premiazkoak dira digitalizazio etiko, arduratsu, eraginkor eta euskaldun hori ahalbidetuko duten teknologiak eta beharrezko jarraibide metodologikoak, oinarri pedagogikoak kontuan hartu eta ikaskuntza-prozesuak modu berriez bultzatzeko digitalizazioak eskaintzen dituen aukerak baliatuz.

Era berean, irakaskuntzaren gaikuntzarako plan bat indartzea aurreikusiko du legeak, non garrantzizkoena izango den lanabes digitalak ikasleen ikaskuntzari modu espezifikoan eskaintzeko erabiltzea, bai eta ingurune birtual integralak sortzea, prozesuen eta ikaskuntzaren kudeaketa eta ebaluazioa jasotzeko, hala nola familiekiko eta inguruarekiko komunikazioa izateko.

20. orrialdea

Besterik gabe, gure ekarpena kontuan hartuan izango delakoan,

Hezkuntzan Librezale

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude