Askatasun eta pribatutasun eskubideei uko egitea ez da urrutiko hezkuntzaren eskakizuna

Albisteak

Munduan zeharreko herrialdeak koronabirusetik pixkanaka osatzen hasiak diren honetan, eskola eta unibertsitateek ikasleei kalitatezko hezkuntza bermatzeko ahaleginetan jarraitu beharko dutela dirudi, urrutiko komunikazio zerbitzuak erabiliz, urte amaierara artean. Eskolak eta azterketak jarraitu beharra dela eta, administratzaile askok Zoom edo Google Meet bezalako jabetza pribatuko bideokonferentzia tresnatara jo dute, eta azterketak gainbegiratzeko ikuskapen konpainiekin kontratuak sinatzen ere hasiak dira.

Era honetako softwarearen erabilera areagotzeak arriskuak dakartza, bai softwarearen izaera pribatuagatik beragatik, eta baita ikasleen (edota familien) datuak ikuskatzailearen esku uzteko berezkoa duten xedeagatik ere. Softwarea pribatua izanda, ez dago ulertzerik nola funtzionatzen duen, ezta ere segurtasuna mantentzen duela ziurtatzerik. Are kezkagarriago dena, ezin dugu ziur egon doanekoa ez den software hauenganako menpekontasuna eta beraiekin dakarten zainketa teknikak erretiratu egingo direnik, behin distantzia fisikorako eskakizunak bertan behera geratzen direnean.

Garrantzitsua da erabaki hauek, hezkuntza sektorean, motibazio etikoek gidatuak izatea. Ikasleak online gainbegiraketaren aurka jaikitzen hasiak dira, haien pribatutasunari uko egitera behartuta aurkitzen direlako (baimenik eman ezean, azkterketarik ezin egin), gainbegiraketa mota honek estres gehigarria dakarrelako beraientzat, eta arrakalak areagotzen dituelako. Baina badira alternatibak, software librean oinarritutakoak, eta baita alternatiba hauek ezarri dituzten arrakasta kasuak ere: urrutiegi joan gabe, Frantzian edo Valentzian martxan jarri dituztenak, esaterako.

Logikoa da urrutiko lotura eta konexioa bilatzea garai hauetan, baina ez dezagun ahaztu negozio asko poltsikoak betetzen ari direla premiaz hartutako erabakien ondorioz. Ez da garaia edozein erabaki onartzeko, egoera erraza ez denaren aitzakian. Zutitu behar genuke, eta gure eskubideen alde borrokan jarraitu, eta erabaki zuzenak hartzeko ahaleginetan ari diren erakundeek dituzten zailtasunak, eta horientzat egon daitezkeen irtenbideak, ezagutzera eman.

Irakur ezazu artikulu osoa [EN]: Zoe Kooyman, Remote education does not require giving up rights to freedom and privacy. Free Software Foundation Community blogs

Irudia Copyright © 2020, Free Software Foundation, Inc., by Zoë Kooyman, Licensed under Creative Commons Attribution 4.0 International license.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude