“Ikaskuntzarako berrikuntza zentroa sortu eta haren lanpostuen zerrenda onartzen duen” dekretu-proiektua aztertuta, Hezkuntzan Librezaletik kezkaz helarazten dugu, dokumentu honen bitartez, dekretu-proiektuaren testua desbideratu egiten dela 17/2023 Legeak, abenduaren 21ekoak, Euskal Autonomia Erkidegoko Hezkuntzarena (aurrerantzean, Hezkuntza Legea), digitalizazioari dagokionean markatzen duen norabidetik.
Jarraian nabarmentzen ditugu, besteren artean, bereziki esanguratsutzat hartzen ditugun Hezkuntza Legearen artikuluak, digitalizazioaren inguruko norabideari dagokionean:
3. artikulua. Euskal Hezkuntza Sistemaren printzipioak. k) Digitalizazio etikoa eta arduratsua. Pertsonen aukera-berdintasuna, pribatutasunerako duten eskubidea eta ahalduntze digitala bermatuz, zeina, ezinbestean, bitarteko teknologiko auditagarri, berrerabilgarri, libre eta gardenak erabiliz soilik lortu baitaiteke, eta tresna digitalen integrazio pedagogikorako esparru batean oinarrituta egin beharko baita.
7. artikulua. Jakin. 4.— Tresna eta baliabide digitalen erabilerak izaera osagarria izango du, tresna horiekiko mendekotasunik sortu gabe eta garapen kognitiboa zainduz eta bermatuz, betiere adin-tarte eta nortasunaren garapen-maila bakoitzaren eskakizunak jasotzen dituen esparru pedagogiko batean kokatuta, eta baliatuz, harrimenaren pizgarriarekin batera, hezkuntza-sistemako etapa bakoitzean ikasleek beren buruei egiten dizkieten galderei erantzuteko pedagogia-dinamikez.
75. artikulua. Hezkuntza-berrikuntza. 3.— Berrikuntza bereziki sustatuko da irakaskuntza-metodologien alorrean eta baliabide teknologikoen erabilera etikoan eta arduratsuan, bai bakarkako irakaskuntzan eta ikaskuntzan, bai elkarlanekoan edo beste edozein modalitatetan. Halaber, ikastetxearen kudeaketan eta antolaketan ere, proba pilotuetatik abiatu eta, haien eraginkortasuna ebaluatu eta egiaztatu ondoren, orokorki aplikatu ahal izango dira.
Hauen argitan, jendaurrean jarritako dekretu-proiektuaren testuak aipatu gabe uzten ditu digitalizazio prozesuen eta hauek gauzatzeko bitarteko teknologikoen nolakotasuna, eta askotan bigarren maila batean geratzen da beharrezko duten justifikazio pedagogikoa, digitalizazioa bera helburu (eta ez bide) bihurtuz. Ez da hau legearen testuaren izpiritua, eta dekretu-proiektu honek oro har harekin lerrokatzea falta duela estimatzen da.
Aurkeztutako dokumentuan jasotzen ditugun gutxieneko ekarpen hauek, aipatu bezala, legeak markatutako norabide horretatik gehien desbideratzen diren artikulu eta puntuak legearen xedera berbideratzea dute helburu.