Sistema eragileen arteko konparazioa

Albisteak Sailkatugabea

Ongi etorri!

Honako infografia eder hau prestatu dugu eta xehetasunak azalduko ditugu jarraian. Zalantzarik izanez gero, beheko iruzkinetan edo txat bidez harremanetan jartzea gomendatzen dizugu.

Iraungitze programaturik gabea:

Windows eguneratzeko lizentziak berriro ordaindu behar izaten dira. Chromebook-en kasuan ere, gailu horiek erosteak dependentzia dakar, eguneratzeak eten edo berriro ordainarazteko boterea daukalako ekoizleak. Jakina denez, Linux eguneraketak libreak dira eta gainera doan eskuratu daitezke.

Aplikazioak instalatzeko aukera:

Linuxek eta Windowsek programa berriak instalatzeko aukera ematen dute. Luberri banaketak hezkuntza munduan oso erabilgarri diren hainbat aplikazio, euskaraz, aurretik instalatuta dakartza. Chromebook-ak, ordea, sarean bakarrik lan egiteko pentsatuta daude. Batez ere Google-ren zerbitzuak erabiltzeko.

Euskaraz:

Software librearen eta euskararen aldeko komunitateak azkar eta ongi euskaratu ohi ditu aplikazioak. Windows ere euskaratuta dago, diru publikoz, ordaindutako itzulpena. Chromebook ez dago guztiz euskaratuta. Esate baterako, Chromebookak pizterakoan lehen hitzak gaztelaniaz topatzen dituzte ume euskaldunek. (Google Chrome nabigatzailea, pribatua izanik, –eta erabiltzaileen datuak batzeaz gain–, Google enpresakoek ez dute, oraingoz, euskaratzeko beharra sentitu. Edo euskara euren datu-bilketarako kaltegarritzat jotzen dute, batek daki). Luberri banaketako nabigatzailea eta beste aplikazioak euskaraz daude. Interneten sartzerakoan, erabiltzailearen nabigatzaile lehenetsia euskaraz egotea edo ez egotea, ondorio batzuk ditu).

Gailuaren jabetza:

Norberak gailu bat erostean aukera du Windows erabiltzeko, geroago hori kendu eta Linux jartzeko… edo alderantziz. Chromebook-ak pentsatuta daude horrelakorik ezin egiteko.

Datuen jabetza eta pribatutasuna bermatzea:

Windowsen kodea ezezaguna da eta ezin da jakin erabiltzaileen datuak zelatatzen dituen (pentsatzekoa da baietz). Chromebook-en kasuan, Google-ren web zerbitzuak erabiliz, zuzenean beraien azpiegituretan egiten da lan. Gure gailuan linux eta hodeiko lanak zerbitzari propio edo publikoetan izatea da seguruena.

Gaitasun digitalen lanketa egokia:

Chromebook-ekin egiten den IKT erabilera sinpleegia da. Sistema eragilez aldatu eta ikasleek karpeta bat sortzen ere ez dakite. Windows askoz ere aberatsagoa da zentzu horretan eta Linux erabiliz gaitasunak are gehiago landu daitezke.

Offline erabiltzeko aukera:

Linux – Luberri eta Windows biak erabil daitezke offline. Windows erabili daiteke offline baina EAEko ikastetxe publikoetan instalatzen den banaketak software gutxi dauka inslataltuta Luberriren aldean. Hori dela eta, gauza asko egiteko online aplikazioak erabili behar dira, horrek dakartzan duen eragozpenekin (erregistratzea, moteltasuna, wifi arazoak…).

Lizentzia askeak:

Zertarako ordaindu behar dute familiek lizentzia bat, doako alternatiba ona ondoan edukita? Izatekotan, familien diruarekin edo diru publikoarekin software libreak garatzeko ordaindu behar litzateke, emaitza mundura zabaltzen delako eta bizkortasun handiz hobetzen jarraitzen duelako.

Ezaugarriak beharretara moldagarriak:

Aurretik esan bezala, chromebook-ek sinplifikazio zurruna eragiten dute, enpresa zehatz bakarraren dependentzia sortuz. Windows moldagarriagoa da eta Linux distribuzio pila bat daude. Ikastetxe bakoitzak Linux egokia prestatzeko lana hartu beharrean, Luberri distribuzioa prest dago hezkuntzarako aplikazio andanarekin. Guztiak libreak eta euskaraz.

Kudeaketa lana zentralizatua:

Chromebook-ek eskaintzen dituzten kudeaketa zentralizatu batzuk (ikasleari ordenagailua blokeatzea, ordenagailuak “kiosko” moduan jartzea web orri bakarra erabiltzea baimenduz…) ezin dira lortu, momentuz, Windows eta Linux erabiliz. Kontrola maite duenak badu software librearekin aukera batzuk (Epoptes, Ansible eta Migasfree kasu). Chromebook-ekin, ordea, kontrolaren sentsazio faltsua sortzen da, zeren benetan kontrolaren zati handi bat, software eta zerbitzarien jabeek daukate.

Ikasleen erabileraren kontrola:

Irakasle, IKT arduradun eta guraso askok Chromebook-aren kontrol maila eskertzen dute. Alegia, ikasleak (umeek bereziki) saioa beti ikastetxearen gmail batekin hastea, interneten egindako ibileren historiala ezin ezabatzea…

Alde batetik, adierazi behar dugu kontrol tekniko hori ez dela dagoen modu bakarra, noski. Adin txikikoak gailu bat erabiltzen duenean gurasoak ondoan egotea garrantzitsua da. Historiala ez ezabatzeko esan ahal zaio eta, egiten duenean, ordenagailurik gabe gelditzen dela bermatu adibidez. Gailua arduraz erabiltzen irakatsi. Edozein jostailu, objektu edo jarrera bezala. Egia da erosoagoa dela helduak botere edo kontrol teknikoa osoa izatea, baina hori nahi dugu? Moodle bera erabiltzeko arrazoi nagusi gisa hori dute irakasle zenbaitek. Hausnartu beharrekoa, zalantzarik gabe.

Gaur-gaurkoz, ezin dugu Chromebook-en adinako kontrol maila lortu Windows eta Linux sistema eragileekin, azken hauek deskargak egitea baimentzen dutelako, eta aplikazio batzuk instalatzea ere onartzen dutelako. (Betiere, sistema-kudeatzaileak erabiltzaile mota bakoitzari ezarritako baimen motaren arabera).

Oharra: goiko irudia, goiko koadro koloreduna, Iñigo Gebara irakasleak prestatu zuen. (Hezkuntzan ere Librezale taldeko kide batzuen iradokizun batzuk kontuan hartu zituen).

Irudiak: balantzaren irudi librea (Pixabay) eta infografia (Iñigo Gebara, HeL taldeko kideekin batera).

Elkarrizketa. Goiko infografia eta artikuluari buruzko elkarrizketa Sarean.eus 137. podcastean. Elkarrizketatzailea: Leire Palacios. Elkarrizketatua: Mikel Gartzia Santamaria.

2 thoughts on “Sistema eragileen arteko konparazioa

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude