Hezkuntzan librezale topaketak: zerbitzu publikoa, kode publikoa

Albisteak

EGUNERATUTA:

  • Topaketen lehen saioa (ekainak 11) hemen ikusgai.

Hezkuntzan librezale taldea Euskal Herriko hainbat guraso, irakasle eta eragilek sortu genuen 2017an, enpresa pribatu erraldoiek gure eskoletako digitalizazio prozesuetan zeukaten presentzia gero eta handiagoak kezkatuta.

Euskal hezkuntzaren egoera kontutan hartuta, gure kezkak azaltzeko bost puntuko adierazpena aurkeztu genuen 2019ko Durangoko Azokan, Kabi@ gunean, adierazpen horrekin bat egin zuten hamaikatxo talde eta eragile desberdinen zerrendarekin batera.

Eztabaida horretan sakontzeko asmoz, eta hezkuntzak datozen asteetan edo hilabeteetan izango dituen erronka teknologikoak kontuan hartuta, bi mahai-inguruz osatutako topaketak aurkezten dizkizuegu: Hezkunzan librezale topaketak. Mahai-inguru horiek ekaineko bi ostegun jarraietan egingo dira, ekainak 11 eta 18an, streaming bitartez https://hezkuntza.librezale.eus/topaketak/ web helbidean. Era berean, denbora errealean txat bat izango dugu, hizlariekin elkarreraginean aritzeko eta elkarrizketa bermatuta egon dadin.

Lehenengo saioan, ekainaren 11n, hezkuntzako profesionalek konfinamendu-egoera nola bizi izan duten, erronkak zein izan diren eta irtenbideak zein izan daitezkeen ulertu nahian, argazki orokorra osatzeko asmoa dugu. Horretarako, egoera euren azalean bizi izan duten pertsonak izango ditugu gurekin . Bigarren saioan, ekainaren 18an, gizarte gisa ditugun erronkei heldu nahi diegu, hezkuntzaren arloan burujabetza teknologikorako bide bateratua egiteko. Horretarako, teknologia- eta gizarte-arloko profesionalak izango ditugu.

Eztabaidan parte hartzera gonbidatzen zaituztegu, planteatzen zaigun erronka teknologikoari eta pedagogikoari gizarte gisa heldu behar diogula uste baitugu.

Animatu eta parte hartu.

3 thoughts on “Hezkuntzan librezale topaketak: zerbitzu publikoa, kode publikoa

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.