2021eko abenduaren 10ean Hezkuntzan Librezale taldea gonbidatua izan da EAEko legebiltzarrera. Gure kide Iñigo Gebara joan da hezkuntza legeak zehaztu behar lituzkeen printzipioak azaltzera.
Bat-bateko interpretazioa: bideoa gaztelaniaz.
Eta hauxe duzue idatziz entregatu dugun testua:
1. Aurkezpena
Hezkuntzan Librezale taldea Euskal Herriko hainbat guraso, irakasle eta eragilek sortu genuen 2017an, enpresa pribatu erraldoiek gure eskoletako digitalizazio prozesuetan zeukaten presentzia gero eta handiagoak kezkatuta.
Gaur egun 400tik gora pertsona biltzen gara taldean eta gero eta gehiago dira gugana kezka azalduz hurbiltzen diren familiak.
2. Hezkuntza legea
Proposamen honek hezkuntza legeak oinarri hartu beharko dituen printzipioak mahaigaineratu nahi ditu eta hemendik aurrera garatuko diren digitalizazio planentzako testuinguru egokia zehaztu. Izan ere, eskuartean daukagun balizko legeak digitalizazioaren gaia alboan uztea ez litzateke batere desiragarria. Digitalizazioa, gizartea eraldatzeko duen gaitasuna dela eta, egunean-egunean gure bizitzetan eta aldi berean hezkuntza sisteman sartu den aldagai garrantzitsua da. Gai honi dagokionean, askotan, hezkuntza komunitatea osatzen dugunok planifikatu gabeko erabakien multzo nahasi moduan bizi izan dugu orain arteko ibilbidea. Horregatik uste dugu, hezkuntza legeak datozen hamarkadetan digitalizazioak planteatuko dizkigun erronkei aurre egiteko oinarri sendoak bildu behar dituela.
2.1. Oinarrizko printzipioak
Digitalizazio euskaldun, arduratsu, burujabe eta jasangarri baten oinarriak ezartzeko, jarraian aipatu eta azalduko ditugun honako bost ardatzak ezinbesteko jotzen ditugu:
a. Pribatutasuna eta datu-babesa bermatuko duen digitalizazioa
Hezkuntza sistema burujabe batek ezin ditu ikasleen datuak kanpoko enpresa pribatuen menpe utzi. Legeak bermatu beharko luke ikasleen datuekin egiten diren erabilerak egiaztagarriak direla; hau da, momentu oro datu horiekin zer egiten den jakiteko aukera dagoela, eta ikasleen hobe beharra dela lehentasuna, ez enpresa pribatu baten mozkinak maximizatzea.
Gaur egun EAEn bi enpresarekin egiten da lan nagusiki, Microsoft Corp. eta Google Inc. (hemendik aurrera Microsoft eta Google) eta bietako batek ere ez du oinarri hori bermatzen. Izan ere, software askeak bakarrik berma dezake datuekin egiten dena egiaztagarria izatea.
Azken hiletan Europar batasunetik praktika hau erregulatzeko Adimen Artifizialaren Legea plazaratu da. Europarentzat datuak eta datuekin egiten dena erregulatzea zeinen garrantzitsua den mahaigaineratu egiten du lege honek.
Europa eta Estatu Batuetako zenbait herrialdeetako instituzio publikoetan debekatu egin dira arrazoi horiek direla medio 1, beste zenbaitzuek erabiltzeari utzi diote 2. Salaketa larriak ere egin dira enpresa hauek eskoletan egindako datu-ustiaketagatik 3. Bestalde zenbait unibertsitatek kaleratutako lan honetan argi azaltzen da pribatutasuna eta e-ikasketak asko dutela hobetzeko 4.
b. Gaitasun digital zabal eta osoa sustatuko duen digitalizazioa
Digitalizazio zabal eta osoa bermatzeko ikasleen jarduna ekosistema hertsietara mugatzeak ez du zentzurik. Herritar erantzule eta kritikoak hezi nahi baditugu mundu digitalaren ulermen zabala beharko dute etorkizuneko ikasleek. Bizi diren munduaren parte garrantzitsua den mundu digitalaren ezaguera kontsumitzaile paperera mugatzen badugu, honen funtzionamendua ulertzea ukatuz, jakintza hori hankamotz geratuko da. Bide horretan, funtzionamendua modu gardenean erakusten duen software askeak ezinbesteko ekarpen egingo luke.
Hortaz gain, erabilera tresna zehatzetara mugatzeak dependentzia arazoa sor dezake ikasleengan. Tresna gutxi batzuk erabiltzeko ohitura sustatzen baita modu honetan, interes ekonomikoak dituzten enpresa pribatuei etorkizuneko bezeroak bermatuz.
c. Euskara ardatz izango duen digitalizazioa
Hezkuntzaren ardatz euskara izatea nahi badugu arlo digitalean ere euskara bermatzea ezinbestekoa da. Munduaren parte geroz eta handiago da mundu digitala eta mundu hau euskara ez den beste hizkuntza batean irudikatzeak kalte sakona egingo lioke gure hizkuntzari.
Arrisku handiak izan ditzake hezkuntzan erabiltzen diren softwareen euskaratzeak enpresa pribatuen eskuetan uzteak eta ematen diren akordio puntualek ez dute inolaz ere euskaratze hori bermatzen. Beti ere euskaratzea enpresa horien interes eta erabakien esku geldituko baita. Baditugu zenbait adibide Microsoft eta Google enpresen produktuetan zeinetan itzulpena ez dagoen ikasleentzako eskuragarri. Menpekotasun honek egunerokotasunean erabiltzen ditugun produktu teknologikoek gure hizkuntzan erabili ezin izatea ekartzen du eta software askeak arrakala gainditzen lagun dezake 5.
Gaur egun, software askearen itzulpenak komunitate zabal eta aktiboa du gurean 6. Horri esker aplikazio ugari ditugu euskaraz erabiltzeko moduan (hala nola, Mozilla Firefox, Moodle edo VLC beste askoren artean). Hortaz gain, edozein software aske euskaratzeko erabakia edozein momentutan hartu eta burutu daiteke.
Aipatu den moduan hizkuntza gutxituen bermatuko bada haien mundu digitaleko presentzia ziurtatu beharko dela. Hizkuntza gutxitu guztien lokalizazioa aintzat hartzen duen softwarea, software askea da, edozein software aske lokalizatu baitaiteke.
d. Ekologikoki jasangarria den digitalizazioa
Euskal Herriaren eta munduaren erronka nagusietakoa da jasangarritasun ekologikoa. Alor eta digitalizazioari dagokionean bi aldagai kontuan har daitezke batez ere:
Alde batetik, erosten diren gailu eta tresnen iraunkortasuna dago. Denboran zehar mantenduko diren eta zaharkitzapen programatua baliatzen ez duten gailuak lehenetsi beharko lirateke. Gaur egun hobesten diren gailuen eguneratzeko aukera 4 edo 5 urtera mugatzen da gehienbat. Software askedun gailuek bizitza luzea bermatzen dute. Gailu baten berotze globalerako potentzialaren %50-72 gailu hau sortzeko prozesuan ematen da 7.
Bestetik, Chromebook gailuen kasuan lan guztia (edo ia guztia) online egiten da eta honek karbono-aztarnan duen eragina oso handia da 8. Lineaz-kanpo lan egiteko aukerak hobetsi beharko genituzke karbono aztarna murrizteko bidean.
e. Ongizatea eta ikasleen bizi-kalitatea bermatuko duen digitalizazioa
Askotan lotu izan da hezkuntzaren berrikuntza digitalizazioarekin, baina hau ez da beti horrela izaten. Digitalizazioa etapa guztietan txertatzeak dituen onurak ez dira batere argiak. Haur eta nerabeek konpetentzia digitalez gain konpetentzia arrazionalak, sormenekoak, irakurketakoak garatzeko eskubidea dute.
Ikasleen ongizatea eta bizi-kalitatea hobetuko duen digitalizazio bat behar dugu, baina hausnarketa sakonik egin gabe ari gara prozesu hau burutzen, inertziak bultzatuta. Azken datuek diotenez haur eta gazteek digitalizazioarekin duten erlazioa ez da osasuntsua 9 10 .Izan ere digitalizazio goiztiarra oinarrizko konpetentzia asko garatzeko muga izan daiteke 11.
Gurean. ez da inoiz eztabaida sakonik egon, eta gizarteak errotik hain modu esanguratsuan eraldatzeko gaitasuna duen digitalizazioak merezi du. Uste dugu hauen moduko galderei ez zaiela erantzun landurik eman: Zein adinetan komeni da ikasleak digitalizazioarekin hastea? Etapa bakoitzean zein onurak ekartzen ditu digitalizazioak? Noraino moderatu behar da ikasleen tresna digitalen erabilpena?
Gure ustez, gidaritza digitalerako testuinguru bat diseinatzerako orduan ezinbestekoa da hausnarketa, gutxienez, pedagogo, psikologo eta neurologok kontuan hartuz egitea.
2.2 Baliabideak
Guzti hori aurrera eramateko baliabide egokiak beharko dira:
Alde batetik, baliabide pertsonal egokiak. Eskola bakoitzaren behar eta irizpideak kudeatuko dituen digitalizazio arduradun edo talde baten bermea eta arazo teknikoei erantzun azkar eta egokia emango dien profesionala (eskolaren aukeraketa digital guztiei erantzuna emango diena).
Bestetik, baliabide materiak egokiak bermatu behar dira irakasle, ikasle eta langileentzako kudeaketa-baliabide eta baliabide pedagogikoak ezarriz. Horretarako, ezinbestekotzat dugu gure errealitatera egokitutako tresna propioen garapen eta mantenua. Baliabide hauek printzipio hauen baitan sortzea litzateke desiragarriena:
- Plataforma automatizatu eta erreplikagarriak, software askeko tresnekin eta ikastetxeetan bilduko informazioa baliatuz eraikiak, sendoak, erabilgarriak eta hezkuntza digitalaren premia nagusietarako oso lehiakorrak direnak eta erraz erreplika daitezkeenak.
- Azpiegitura seguru eta auditagarriak erabiltzea, datu pertsonalen subiranotasuna eta eremu digitalean funtsezkoak diren beste eskubide batzuk defendatuko dituztenak, hala nola, lineako komunikazioen bortxaezintasuna, datuen minimizazioa, babes judizial eraginkorra eta pribatutasuna diseinutik eta arreta berezia jarriko duena haur eta nerabeengan.
- Prestakuntza-ekintzak eta teknologia horiek erabiltzen laguntzeko ekintzak irakasleentzat eta ikastetxeetako hezkuntza-komunitate osoarentzat. Epe luzera: hezkuntza-eredua eguneratzea sareko eredu arin baterantz.
- Teknologiaren erabilera demokratikoak eta hainbat plataformaren erabileran arintasuna sustatzea, produktu bakar baten bezero gatibuak sortzea saihestuz.
- Jakintza eta ekonomia lokala sustatu eta bultzatu. Inbertsioaren atzeraelikadura bermatuko luke.
- Tresna hauek goian aipatu diren printzipio etikoetan oinarrituak izanda, printzipio horien barruan, ikastetxeek autonomia mantendu behar dute.
3. Ondorioak
Hezkuntza legeak digitalizazioaz hitz egin behar du, oinarrizko printzipio etikoak zehaztu behar ditu eta Hezkuntzan Librezalen argi dugu hori bermatzen duen eredu teknologiko bakarra software askea dela.
Ikastetxe ugari dago mota honetako softwarea erabili izan duena eta ezin zaie bidea itxi eta gure ustetan beste ikastetxe guztietan digitalizazio etiko, arduratsu, eraginkor eta euskalduna bermatzeko garaia da. Gainera, dependentzia egoera hain sakon eta orokortua ikusirik, hezkuntzarako beste politika digital bat behar da lehenbailehen. Hezkuntza epe luzerako begiradarekin diseinatu behar da eta baita digitalizazioa ere, orain diseinatzen dugun politika digitalaren emaitzak epe luzera ikusiko ditugu. Beraz, dokumentu honetan aipatutako printzipioetan oinarritutako hezkuntzarako beste politika digital bat lehenbailehen garatzen eta gauzatzen ez bada, gizarte gisa aurrera baino atzera egingo genuke.
5 thoughts on “Hezkuntza-sistemari buruzko hitzarmenaren digitalizazio oinarriak zehazteko PONENTZIA”