Hezkuntzan librezale taldea Euskal Herriko hainbat guraso, irakasle eta eragilek sortu genuen 2017an, enpresa pribatu erraldoiek gure eskoletako digitalizazio prozesuetan zeukaten presentzia gero eta handiagoak kezkatuta.
Euskal hezkuntzaren egoera kontutan hartuta, gure kezkak azaltzeko bost puntuko adierazpena aurkeztu genuen 2019ko Durangoko Azokan, Kabi@ gunean, adierazpen horrekin bat egin zuten hamaikatxo talde eta eragile desberdinen zerrendarekin batera.
Eztabaida horretan sakontzeko asmoz, eta hezkuntzak datozen asteetan edo hilabeteetan izango dituen erronka teknologikoak kontuan hartuta, bi mahai-inguruz osatutako topaketak aurkezten dizkizuegu: Hezkunzan librezale topaketak.
Lehenengo saioari, ekainaren 11n, hezkuntzako profesionalek konfinamendu-egoera nola bizi izan duten, erronkak zein izan diren eta irtenbideak zein izan daitezkeen ulertu nahian, argazki orokorra osatzeko asmoarekin heldu diogu. Horretarako, egoera euren azalean bizi izan duten pertsonak izan ditugu gurekin.
Bigarren saioan, ekainaren 18an, gizarte gisa ditugun erronkei heldu nahi izan diegu, hezkuntzaren arloan burujabetza teknologikorako bide bateratua egiteko. Horretarako, teknologia- eta gizarte-arloko profesionalak izan ditugu.